Eusko Alderdi Jeltzaleak historia bizia du Trapagaranen, ezinbestean aipatu beharreko zenbait mugarri dituena.
Orain dela 100 urte, 1908ko uztailaren 12an, batzokia inauguratu zen (argazkia eskuinean), jeltzaleen egoitza izateko eraiki zena preseski eta Euskadin alderdiko egoitza izanez denbora gehien eman zuen eraikina izan zena.
Baina batzoki zaharra ez zen Trapagarango lehena izan. Hilabete gutxi batzuk lehenago herrian Ugartearra Batzokia inauguratu zen frogak daude, ezer gutxi gehiago dakigun arren bere inguruan. 1909an hirugarren batzoki bat ere ireki zen, Zugaztietako Aristiarra.
Herriko batzoki nagusiak, gainera, euskaltegi-euskal eskola bat sortu zuen 1934an, garaiari aurrea hartuz. Asmoa bertan euskara klaseak zein euskal kulturarekin lotutako beste arlo batzuetakoak ematea zen, eta, lehen eskolak 1936an eman ziren, baina, tamalez, oso azkar geratu ziren bertan behera Gerra Zibilaren ondorioz.
Zugaztietako Aristiarra batzokia, 1909an sortua. |
Beasainera 1915ean egindako txangoa. |
Batzokiko euskaltegia 70 ikasletik gora izatera heldu zen.
Altxamendu militarraren aurretik, EAJren Udal Batzarra Victor Santacoloma, Balbino Serralde eta Juan Cruz Butronek osatzen zuten. Batzokiaren zuzendaritzan, berriz, David del Horno, Arsenio Bengoa, Isidoro Larruskain, Pio Inza eta Isidoro Lapuente zeuden besteak beste.
Trapagarango nazionalista askok parte hartu zuten Gerra Zibilean. Saturnino Butron, Jesus Alvarez San Juan, Pepe Barrasus, Berna Ferrer eta Saturnino Atxa frontean hil ziren. Herrian izandako bonbardaketetan, berriz, Lucia Guezala eta Asun Trojaola gazteak hil ziren. Eusebio Ortuondo eta Rafael Mendiguren herritarrak, berriz, erregimenaren aginduz fusilatu zituzten. Beste nazionalista batzuek, Juan Cruz Nieves kasu, urte asko eman zituzten espetxean.
Trapagarango gudariak Gerra Zibilean. Zutik, ezkerretik eskuinera hasita, Don Justino apaiza, Gumer Gezala, Fernando Bartolomé eta Víctor Santa Coloma. Makurtuta, bi ezezagun,Satur Atxa, Marcos Atxa (Zugaztietako batzokiko presidentea) eta Nardo Urkijo.
Mugimendu abertzalearen ikur zen batzokia frankistek okupatu zuten 1936an eta erregimenak eraikina usurpatu egin zuen. Klandestinitate luze eta gogor baten ostean, azkenean eraikina jabe legitimoen esku egotera itzuli zen.
1977ko urtarrilaren 23an, Juan Ajuriaguerra, Iñigo Aguirre eta Juanjo Pujana burukideak bertan zirela, publikoki agertu zen EAJren Trapagaraneko Udal Batzarra. Hilabete batzuk geroago, abuztuaren 26an, batzokia bere jabe legitimoen eskuetara itzuli zen.
Iñaki Pedrosa EAJko afiliatuak 16 urte zituen orduan: «Batzokian sartu, ikurrina jarri eta alderdiaren kartela jarri genuen. Izugarria izan zen. Zenbat ilusio, zenbat energia! Azkenean gure helburua lortu genuen!».
|
|
1978an, jada klandestinitatea atzean utzita, Trapagaranen egin zen I. Enkarterri Eguna. Urtebete geroago, EAJk lehen aldiz hauteskunde batzuk irabaztea lortu zuen, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak hain zuzen ere.
1978ko I. Enkarterri Eguneko ospakizunak.
Bilbo-Santander errepidearen bazterrean kokatutako etxetzar zaharrak iraganeko bizitza berreskuratu eta 2003ra bitartean izan zen zutik. Hain zuzen ere, urte horretan eraitsi zen leku berean batzoki berria eraikitzeko, 2005eko maiatzaren 21ean inauguratu zena.
2017an ospatu genuen batzokiaren berreskurapenaren 40. urteurrena, Andoni Ortuzarren presentziarekin. Ekitaldian, bi alderdikide beteranok omenaldi beroa jaso zuten: Begoña Perez Burrutxaga eta Maria Concepcion Quintela Olano.
|
|
Alderdi demokratiko, plural, parte-hartzaile, akonfesional eta humanista gara, aurrerabideari eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten mugimendu herritar guztiei irekia.
Alderdi Eguna 2019. |
Alderdi Eguna 2019. |